HIZKUNTZEN TRATAERA

Ikas Komunitateko partaide guztion garapena eta arrakasta pertsonala lortu nahi duen eskola inklusiboa gara. Komunitate irekia eta bizitzarako egokitzen gaituena. Euskal kultura eta hizkuntzaren sustapenetik hasita, eleaniztasuna eta kulturaniztasuna bultzatu nahi duena.

Jakina da hizkuntza ondo menperatzen ez duen pertsonak, bizitzarako
( harremanetarako, ikaskuntza prozesua aurrera eraman ahal izateko, lan mundurako...) ezinbestekoa den tresna edo baliabiderik nagusiena falta zaiola. Beraz, garrantzi handikoa da gure Hezkuntza Proiektuan Hizkuntzekiko ditugun helburuak ondo finkatzea, hau da, Hizkuntza Proiektu zehatza eta garbia izatea, gure ikasleek baliabide hau ondo bereganatua eta garatua izan dezaten.

Ikas komunitate honen lehentasunen arteko bat komunitateko kulturak eta hizkuntzak baloratzea, errespetatzea eta ezagutzearena da. Hau dela eta:


- Eleaniztasuna eta kulturaniztasuna bultzatuko dugu, euskal kultura eta hizkuntzaren sustapenetik hasita.

- Hizkuntza desberdinen ( Euskera, Gaztelania, Ingelesa eta Portugesa) irakaskuntza koordinatua izango da, hizkuntza batetik bestera izaten diren irakaskuntza- transferentziak eta hizkuntzen elkarren arteko errefortzua ziurtatzeko.

- Hizkuntzen ikaskuntza planteamendu instrumentaletik abiatuko dugu eta hizkuntzaren funtzionaltasunari emango diogu garrantzirik handiena edozein hizkuntza jarduera planteatzerakoan.


Beraz, hauek dira hizkuntzen trataera mailan gauzatzen joan garen ezarpenak:


- 98/99 ikasturtean hasi eta epeka berritzen doan Hizkuntza Normalizatzeko Plana jarraitzen dugu.
- 2 urtetik 8 urte bitarteko umeak euskal hizkuntzan murgiltzen dira, idazketa-irakurketa prozesua konstruktibismoaren ikuspegitik erakusten delarik.
- Ingelesaren sarrera goiztiarra.
- Portugeseko klaseak ordutegi barruan jatorrizko ikasleentzat, gainontzekoentzat orduz kanpoko saioetan.
- Euskeraren astea.
- Hiruhilero argitaratzen dugun Zurrumurru aldizkaria.
- Eskola irratia, asteroko saioak.
- Tertulia literarioak.( 3. zikloan) eta gurasoekin.
- Liburu egunaren inguruan ipuin zirkuitoa, eskolako 4 hizkuntzetan: kontalariak komunitateko partaide boluntarioak ( gurasoak, laguntzaileak, begiraleak, atezainak, ikasleak...).
- Hizkuntzen Trataera Bateratuaren ildotik, bai curriculumean baita metodologia mailan ere aldaketak eta programazio berriak.

 


HIZKUNTZA INDARTZEKO PROIEKTUA

Azken urte hauetan, gero eta etorkin gehiago dator gure herrira bizi izatera, hauen seme-alabak bertako eskoletan matrikulatzen direlarik.

Ikasle hauek bizimodu, kultura eta hizkuntza berriarekiko egokitze lan handia egin behar dute integrazioa lortzeko, eta prozesu honetan eskolak zeregin garrantzitsua dauka, benetako erronka. Ahalik eta erantzun egokiena ematen ahalegindu izan gara beti egokitze eta integrazio hau era normalizatu batean ahalik eta azkarren gauza dadin. Baina , antolaketa eta programazio sendoago bat egitea zen gure helburua eta horregatik HIZKUNTZA INDARTZEKO PROIEKTUA jarri genuen martxan duela urte batzuk. Honek suposatzen du, ikasle hauei hizkuntza ikasten eta indartzen lagunduko dien IRAKASLE bat egongo dela. Dena den, ikasle etorkinei erantzun egokia ematea ez dagokio bakarrik Hizkuntza Laguntzarako irakasleari, baizik eta Ikas Komunitateko partaide guztiei.

Ikasle etorri berri hauek, adina kontuan hartuta, dagokien gelan kokatzen ditugu eta hasiera- hasieratik gelaren eta eskolaren dinamikan guztiz murgiltzen dira. Gainera, eskola orduz kanpoko "HARRERA ON" programan ( Udalak antolatutako programa berezi bat da) parte hartzen dute gehienek.


ALDERDI METODOLOGIKO NAGUSIAK:

o Haur etorkin bat eskolara ailegatzen denean, eskolan antolatuta dugun Harrera Plana martxan jartzen dugu, bertan proposatzen diren ekintzak burutuz.

o Etorri berriekin hasierako hilabeteetan laguntza trinkoagoa programatuta daukagu, beraientzat hizkuntza berri-berria den euskaran guztiz murgilduz, horrela, eguneroko bizitzan komunikatzeko beharrezkoak diren ezaguera minimoak emango dizkiegu, eskolako dinamikan lehenbailehen integratuak ahal izan daitezen.

o Laguntza mota hau gelaz kanpokoa izaten da eta haurrak beraien hizkuntza konpetentzia hobetuz eta erreferentzia gelako erritmoa jarraitzeko gaitasuna hobetzen doazen neurrian, ordu kopurua murriztuz joaten gara. Momentu horretan laguntza askoz ere banakakoa izaten da gela barruan.

o Hizkuntza berriarekiko interesa eta alde afektiboa ziurtatzeko, talde txikian lan egiten dugu. Modu honetan ikasle bakoitzak bere protagonismoa izaten du, bere bizipenak eta esperientziak konpartitzeko aukera gehiago ere.

o Baliabide eta material dibertigarriak eta erakargarriak erabiliz haurren partaidetza bultzatzen dugu: teknologia berriak, clik programak, eskola irratia, eskola aldizkaria, jolasak, kantak...